Galdera azkarrak
Nork: Mikel Urrutia Galan

Probalekua biziberritzeko parte-hartze prozesua martxan da

image

Abadiñoko Udalak herritarren parte-hartzea oinarri duen prozesu berri bat jarri du martxan, udalerriko espazio esanguratsu bat biziberritzeko: Probalekua. Gaur egun, dantza, sokatira, herri bazkariak eta antzeko ekintzak egiten dira bertan, baina asteburuetan hutsik egoten da, eta erabilera horri buelta emateko erronka planteatu du Udalak.

Helburua argia da: herritarren ekarpenekin, Probalekua estalitako aisialdirako gune dinamiko eta bizia bihurtzea. Horretarako, lau fasetan banatutako parte-hartze prozesu bat diseinatu da:

1. Aurkezpena eta deialdia

Prozesua abiatuko duen saio publiko bat egingo da, Udalaren, herriko elkarteen eta herritarren parte-hartzearekin. Bertan azalduko dira helburuak, pausoak eta parte hartzeko bideak. Aldi berean, difusio-kanpaina bat aktibatuko da sare sozialetan eta tokiko komunikabideetan, herritarren ahalik eta parte-hartze handiena lortzeko.

2. Proposamenak diseinatzea

Lehenik eta behin, Probalekua erabiltzen duten tokiko kolektiboekin (kirol, kultura, hezkuntza, auzo-elkarteak...) lan-saio bat egingo da. Ondoren, proposamenak elkarrekin lantzeko saio irekia antolatuko da herritarrentzat. Epe labur, ertain eta luzerako jardueren potentziala aztertuko da, espazioaren erabilera aberasteko.

3. Proposamenen azterketa teknikoa

Bildutako proposamenak Udaleko teknikariek aztertuko dituzte hilabete batez. Egingarritzat jotzen ez diren proposamenen egileei azalpenak bidaliko zaizkie, gardentasuna bermatuz.

4. Proposamenen aurkezpena eta lehenespena

Egingarriak diren proposamenak aurkezpen publiko batean erakutsiko dira, eta parte-hartzaileek euren lehentasunak adierazteko aukera izango dute. Behin lehenespena eginda, 2025ean martxan jarriko diren jarduera-ildoak onartuko ditu Udalak.

 

Zeintzuk dira prozesuaren helburuak?

  • Probalekuan garatu daitezkeen jarduerak identifikatzea, bere erabilera eta komunitatearentzako balioa handitzeko.

  • Instalazioen eta irisgarritasunaren hobekuntzak definitzea.

  • Tokiko kolektiboak eta herritarrak espazioaren etorkizunean inplikatzea.

  • Erabiltzaileen behar eta nahiak kontuan hartuta egokitzapenak diseinatzea.

  • Herritarren parte-hartzea eta espazio publikoaren inguruko jabetza-sentimendua sustatzea.

Zatoz parte hartzera, egin zure proposamenak eta eman zure iritzia!