Galdera azkarrak
Nork: Laura Olabarria

Abadiñoko Udalak herritarren proposamenak jasoko ditu, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko lehen fasean.

image

Abadiñoko Udalak herritarren proposamenak jasoko ditu, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko lehen fasean

Udalak 130.000 euro bideratuko ditu herritarrek aurkeztutako proiektuak gauzatzeko. 

Abadiñoko Udalak 2024-2025eko prozesu parte-hartzaileari ekingo dio. Aurrekontu  parte-hartzaile hauen bitartez, herritarrek Abadiño hobetzeko proposamenak egin  ditzakete, eta behin proposamen hori aurkeztuta, bozketa fasean abadiñarrek  euren proiektu gustukoenak aukeratuko dituzte. Proiektuak gauzatzeko, 130.000  euro bideratuko ditu Udalak. 

Hain zuzen, lehen fasea urriaren 28an irekiko da: proposamenak batzearena.  Lehen prozesuan, 16 urtetik gorako norbanakoek eta Abadiñoko elkarte eta taldeek  proposamen bat argitaratzeko aukera izango dute azaroaren 17ra arte. Azaroaren  18an proposamen guztiak jasoko dira eta hilabete horretan zehar Udalak aztertu  egingo ditu. Araudia betetzen duten proposamen guztiak, amaierako bozketarako  aukeratuak izango dira. Amaierako bozketa abenduan izango da. Abadiñon  erroldatutako herritarrek, hainbat proposamen bozkatu beharko dute eta boto gehien dituztenak martxan jarriko ditu Udalak. 

Mikel Urrutia alkateak prozesuaren garrantziaz hitz egin du: “Aurrekontu parte hartzaileen prozesua, herritarrak ahaldundu eta udaletxeko erabakietan zuzenean  parte-hartzeko tresna garrantzitsua da. Legegintzaldi honetan, aurrerapausoak  ematen ari gara alor honetan, eta %30ean igo dugu egitasmo honetarako diru partida. Iaz, inoiz baino herritar gehiagok hartu zenuten parte, eta gaur egun  udaletik garatzen ari gara aurrera irten ziren 3 proposamenak, baina, garrantzitsua  litzateke parte-hartze mailan urrats kualitatibo bat ematea eta %10eko langara  hurbiltzea. Izan ere, herritarrengandik zenbat eta ideia eta iritzi gehiago jaso,  orduan eta gertuago egongo baita gure jarduna herritarren beharrizanetatik”. 

Parte-hartzea 

Abadiñarrek presentzialki aurkeztu ditzakete proposamenak: udaletxean, Errota  Kultur Etxean, Traña-Matienako udal bulegoan eta Udal Mediatekan. Horrez gain, online bidez aurkezteko aukera ere eskainiko du Udalak, esteka honetan sartuta: partehartu.abadiño.org. Herritar eta entitate bakoitzak proposamen bakarra egin  dezake, eta norberarena aurkezteaz gain, gainontzekoak ikusteko eta horiei buruz  iritzia emateko aukera egongo da, nahiz eta iritzia ez izan loteslea emaitzarekin edo  fasez igarotzearekin.  

Proposamenak 

Proposamenek baldintza batzuk bete beharko dituzte: Lehenik, argitaratutako  proposamenak Abadiñoko Udalaren eskumenekoa izan behar du. Bigarren  baldintza, proposamen zehatza eta beti ere xedea edo helburua interes publikoarekin bat etorri beharko duena izatea da. Eta azkenik, proposamenak 1.000€-ko gutxieneko kostua eta 100.000€-ko gehienekoa eduki behar du. 

Aurten berritasun bat izango dute proiektuen onartzeek eta faseek. Helburua  proiektu txikiei ere bide ematea da. Bozketa fasean, herritarrek bozkatzen dituzten  proposamen guztien artean, 15.000 eurora arteko aurrekontua duten bi proiektu  bozkatuenak eta 100.000 eurora arteko proiektu bozkatuena eramango dira  aurrera. 

Edurne Maguregi alkateordeak berrikuntza honi buruz hitz egin du: “Abadiñoko  aurrekontu parte-hartzaileetan, hobekuntza handia sartu dugu proiektuak  hautatzeko prozesuan, inklusiboagoak izateko eta proiektu handiak zein txikiak  gauzatu ahal izatea bermatzeko. Hori dela eta, aurten 15.000 eurora arteko  aurrekontua duten proiektuen artean boto gehien jasoko dituzten bi proiektuak  sartuko ditugu. Gure ustez, proiektu hauek, askotan eskuragarriagoak eta gure  auzokideen berehalako beharretara egokituagoak, Abadiño inklusiboago eta  berdinago bat eraikitzen jarraitzeko giltzarriak dira. Ikuspegi horrek bermatzen du  bai proiektu handiek, bai txikiek, zeintzuek gure herriko bizi-kalitateari ere  hobekuntza nabarmenak ekartzen baitizkiote, beren lekua aurkitzea aurrekontu  parte-hartzaileetan”.